es | eus | fr | uk

ERRAUSKETA MINIMOA IZAN DADILA - E. BATZORDEA

 

Timmermans eta Katainen, ekintza planaren aurkezpenean.

Timmermans eta Katainen, ekintza planaren aurkezpenean. LAURENT DUBRULE / EFE

«Errauste planta bat egitean errazena da zerekin elikatu bilatzea, baina horrela ez diogu inori mesede egiten; errausketa ez dadila izan biderik errazena». Sistema hori «minimoa» erabiltzeko eskatu du Frans Timmermans Europako Batzordeko presidenteordeak, betiere birziklatu ezin diren gaiak erabiliz. «Gai bat behin, bitan, hirutan... birzikla daiteke. Ezin denean gehiago birziklatu, orduan erre daiteke».

Timmermansek ekonomia zirkularrerako Europako ekintza plana aurkeztu zuen atzo, Bruselan. Ekoiztutako produktuen bizitzari dagozkion atal guztiak arautu asmo du plan horrek: diseinua, produkzioa, erabilera, hondakin gisa duen kudeaketa eta birziklatzea. «Europako ekonomia ezin da produkzio kostuen alorrean lehiatu, baizik eta baliabideen erabileraren eraginkortasunean». Hori sustatzeko, Europako Batzordeak planarekin batera araudia aldatzea proposatu du hondakinen kudeaketan.

Europako Batzordeak berak 2014an hondakinen kudeaketarako araudia aldatzea proposatu zuen; hainbat helburu eta derrigortasun epe zehaztu zituen. Atzoko proposamenak, berriz, 2014ko helburuak apaldu eta zenbait derrigortasun epe kendu izana kritikatu dute. Besteak beste, birziklatutako hondakinen ezpurutasuna %10 izatea proposatu du —aurreko testuak %2ra mugatu zuen—. Europako Batzordeko presidenteordeak nabarmendu du ona dela gutxieneko batzuk zehaztea. «%10eko muga bete beharrekoa izango da, eta gaur egun ez dago halakorik».

Timmermansek ukatu egin du araudi berriak «anbizioa» galdu duela. Kontrakoa: urrunago doala nabarmendu du, produktuen bizitza osoa hartzen duelako kontuan. Helburuei dagokienez, zehaztu du «mundu errealera» egokitzen direla. Hau da, 2014ko proposamenean zeudenak apaldu dituztela aitortu du, baina horren helburua izan da aurreko proposamenari bizkar eman zioten herrialdeak erakartzea.

«2030erako udal hondakinen %65 birziklatu edo berrerabili beharko dira; aurrera egin ahala gehiago lor dezakegula ikusten badugu, hala egingo dugu». Edonola ere, aitortu du zenbait herrialderi helburu apalagoak jarri dizkiotela. Gaur egun udal hondakinen %20 baino gutxiago birziklatzen duten herrialdeek bost urte gehiago izango dituzte helburu apalago horiek lortzeko.

Bestalde, hondakinen kudeaketaz gain, ekonomia zirkularrerako planak beste zenbait gairi helduko diela iragarri du Timmermansek. Besteak beste, estatuen artean birziklatutako gaiak salerostea ahalbidetzeko neurriak aipatu ditu, baita «eko-diseinua» eta programatutako zahartzea ere. «Ezin dugu onartu objektu bat bermea amaitzen zaionerako izorratzeko programatua egotea». Ildo horretan onartutako arauak inportazioetarako ere baliatuko dutela iragarri du.

Proposamen indartsuagoa

Araudi aldaketak ingurumen taldeen kritikak jaso ditu. European Environmental Bureau federazioak azaldu du «galdutako aukera» dela. «Birziklapenak lanpostuak sortzen ditu, eta gas isuriak urritzen ditu», azaldu du Stephane Arditi federazioko Hondakin Politiken arduradunak. «Europari geratzen zaion bidea da dituen baliabideak hobeto erabiltzea, baina horretarako Europako Parlamentuak proposamena indartu beharko du».

2015-12-03